Bertso Eskola

Mungiako bertso eskolaren lehen konstantzia 1981ekoa da. Garai horretan, Xabier Amurizak gidaturik hainbat bertso eskola sortu ziren. Lehendabizikoa Santutxukoa izan zen (lehenagoko garaietatik Muxikako Garriko bertso eskola existitzen bazen ere). Geroago, Santutxuko bertso eskolan batzen zen jende ugari, bere inguru naturaletara itzuli eta, Algorta eta Mungiako bertso eskolak sortu ziren.
Bertso eskola guzti horien sorrerak, bertsoarekin baino gehiago, euskaraz bizitzeko modua eskaintzearekin du lotura.

1981 eta 1987 urteen artean talde finko bat sortu zen Mungian. Amurizak ez zuen gehiago jarraitu, baina Karlos Ibarzabal, Bernardo Mandaluniz, IƱaki Sarriugarte eta Patxi Aranburu bertsozale beteranoak inguruko saio guztietara joaten ziren, zeuden bertso eskakizunei erantzunez. Orduan bertsolari gisa aritzen baziren ere, gerora ez dute guztiek lan horretan jardun.
Lagun horiek, beste batzuekin batera, Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea sortu zuten, oraingo Bizkaiko Bertsozale Elkartearen amona izango zena. 1990ean talde hori desagertu egin zen eta Mungia bertso eskolarik gabe geratu zen.

"1991n bertso eskola bila hasi nintzen, nik entzuna bainuen gure herrian bertso eskola bat bazela. Baina, gertuen nituen bertso eskolak Santutxukoa eta Algortako zirela erantzun zidaten. Bernardo Mandaluniz gai jartzaile lanetan aritzen zen, Karlos Ibarzabalek bazuen bertsoen gaineko irratsaio bat... Tarteka elkartzen ziren, bertsoaren inguruko hainbat gai aztertzeko... Baina bertso eskolarik ez zen jadanik."*
Gauzak horrela, Jon Lopategi gidari zela beste bertso eskola bat sortu zen 1992an. Kide guztiak gazteak ziren, eta 1992tik 1994r batu ziren Jon Lopategirekin. Mungia hain herri txikia izanik, betiko bertsozaleen taldea eta bertso eskola berria, bakoitza bere bidetik joatek ez zuen zentzu handirik; eta 1997an Taket Bertsolaritza Alkartea sortzea erabaki zuten.Taket, Mungian izan zen bertsolaririk garrantzizkoenaren izena hartu zuen alkarteak. Hor barruan sartuko zen Mungiako bertso eskola.

Gaur egun, alkartearen adar garrantzitsuenetariko bat bertso eskola dugu. 4 talde desberdinetan banatuta dago:

- Gaztetxoak (11-14 urtekoak)
- Gazteak (15-18 urtekoak).
- Helduak 1 (Hasiberriak)
- Helduak 2 (Plazarakoak)

Ikasleak bertsozaletzea eta bertsoaz ahal dena irakastea da gure nahia; azken batean biharko bertsolari, gai-jartzaile eta bertsozaleak heztea. Horrezaz gain, herriaren aldeko ekintzak ere oso kontutan hartzen ditugu.

Baina guzti horren gainetik, "familia arteko zerbait da bertso eskola. Aurrera begira, orain arteko borondate eta animoa izatea nahiko nuke".**


Asier Legarretak.bertsolari aldizkarirako elkarrizketa batean.
**Miren Ibarluzeak bertsolari aldizkarirako elkarrizketa batean.

No comments:

Post a Comment